XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

I Urdaibai Egunak bisitariz gainezka jarri eban Mundaka

I Urdaibai Egunaren ospakizunak bi helburu nagusitan biltzen ebazan Patronato arduradunen nahiak: Erreserba, ekitaldi ludiko baten bidez, jendeari ezagutaraztea eta oroimenerako topagune bihurtzea , (hamabost urte dira Unescok izendapen famatua egin ebala eta beste hamar bete dira Legea indarrean jarri zanetik).

Egiten dogun balorazioa oso positiboa da jende asko urreratu zalako, antolatu ziran ekitaldi guztiak oso interesgarriak izan ziran; txalupaz burututako ibilbide ekologikoa batez be, Xabier Arana Patronato zuzendariaren berbetan.

Inaugurazio ofiziala goizeko hamaiketan burutu eben instituzioetako ordezkariek, Esther Larrañaga Ingurugiro Sailburuordearen presentziaz.

Instituzio buruek Edorta Jimenez idazle mundakarrak txalupaz prestatutako bidaiaz gozatu eben: Izaro eta errekako ibilbide ekologikoa bisitatuz.

Gure asmoa urtero herriz aldatzea da. Datorren urterako, ondino zehaztu barik dagoan arren, barrukaldeko herriren bat aukeratuko dogu. Barrukaldeko jendearen partehartzea oso inportantea da guretzako. Baserri giroko herriren bat izan leike, Aranaren berbetan.

Ekologistak kexu

Eguzki talde ekologistako partaideek ordea, ihardunaldiari kutsu errebindikatiboa emoteko aukera, ezin hobeto aprobetxatu eben, pankarta batenpean euren desadostasuna erakutsiz.

Hemen gaudenok Urdaibaiek izandako garapenagaz ados ez gagozala jakinarazi nahi dogu, bereziki honen garapen natural eta soziokulturalagaz, adierazi eben prentsa ohar baten bidez.

Ekologisten ustetan, Jaurlaritzak ingurugiroarekiko erasoak baimendu dauz: errepideak, aparkalekuak, kanpinak eta ibilbideak jarriz gune babestuetan.

Adibide latzak doguz itsasadarrak jasandako dragaketak. Urtero baimentzen jako Astilleros de Murueta enpresari dragaketa egitea, adituek itsasadarrari eta hezetokiei eragiten jakezan min iraunkorrei buruz barri emoten daben arren.

Xabier Maiztegi Fundaziokoek El Carpin animali basatien errekuperazio zentrua desegitearen eta lekuz aldatzearen kontrako sinadura bilketan jardun eben ekitaldian zehar.